"Euskaraz bai eguna” antolatu dute Donibane Lohizunen

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola

 




« Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira »,
honela dio aurten Korrikako lemak. Testuinguru honetan, Donibane Lohitzuneko euskalgintzako ordezkariek "Donibane Lohitzunen Euskaraz Bai" plataforma osatu dute eta heldu den larunbatean, martxoaren 14an, " euskararekin bat, bihotzetik mihira" lelopean "Euskaraz bai" eguna eginen dute.

Ondoko elkarteek parte hartzen dute plataforma berrian: EHE, Kontseilua, AEK, Ikastola, Doña Mariako ikastetxea, Gaztetxea, Donibane Lohitzune-Ziburuko Ihauteri elkartea, Biga Bai eta Begiraleak dantza taldea.

Plataformaren izenean EHEko ordezkariak, Sébastien Irazoqui eta Kontseiluko ordezkariak Ione Josié, hartu dute hitza, joan den larunbatan Donibane-Lohizunen burutu den prentsaurrean.

Batetik, euskararen inguruan antzerako beste ekimen batzuk antolatu direla oroitarazi dute, hala nola, duela zonbait urte "10 oren euskaraz" eguna. Bestalde, Korrika hurbiltzen ari dela gogorarazi dute, euskara askoren ahoan egonen zela iragarriz.

Haatik, plataformaren helburua ez da ekimen puntuala antolatzea, baizik eta epe luzerako dinamika eta elkarlana bultzatzea, euskararen normalizazioa helburu.

Euskara ikastearekin batera , 'denok euskara ikasten badugu hizkuntzagatik inor baztertuko ez den egoera batera iritsiko gira, urrats handi bat eginen dugu bizikidetzan', adierazi dute plataformako ordezkariek. Bestalde, erabilera aipatzerakoan, 'funtzio sozial guziak euskaraz egiteko aukera lehenbailehen lortzea, horrela lor baitaiteke euskararen normalizazioan benetako urratsak egitea", azpimarratu dute.



Eremu publikoan zein pribatuan euskararen presentzia azkartu

Haatik, Donibane Lohitzunen euskaraz bizitzeko aukerak mugatuak direla agerian utzi nahi izan dute, izan Herriko Etxearekiko edota eragileekiko harremanetan, euskarak ez du bere lekua. Euskararen normalizazioa lortzeko hizkuntza-politika ausarta eta eraginkor baten beharra aldarrikatu dute, eremu publiko eta pribatu guzietara helduko dena, euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko duena, euskara kulturaren azpi-atal bat, folklorea ez dela azpimarratuz.

Bukatzeko gogorarazi nahi izan dute, euskarekiko atxikimendua ez dela nahikoa, euskara normaltasunez gure eguneroko jardueretan erabiltzeko jendarte osoaren inplikazioa baitezpadakoa dela, norbanakoek engaiamendu konkretuak hartuz eta euskara ikasiz, eragile sozialek beren zerbitzuak euskaraz eskaintzeko neurriak hartuz eta botere publikoek, hizkuntza politika ausarta bideratuz.



"Euskaraz Bai" egunaren egitaraua

Martxoaren 14ri begira, hauxe da Donibane Lohizuneko euskalzaleek proposatzen duten egitaraua:

Goizean ibilaldi alaitu batek Donibaneko karrikak zeharkatuko ditu eta ekitaldia Louis XIV. plazan iraganen da. Bertan, marrazki lehiaketaren sari banaketa burutuko da, irabazlea, ikastolako Garikoitz Mujika delarik, bertso eskolako ikasleen arteko bertso topaketa.

Eguerdian Doña Mariako ikastetxean bazkari herrikoia eginen da (izen emateak 06 63 30 24 92 edo ehe-ziburu@euskalerria.org), mus txapelketa, haur eta gaztetxoentzako herri kirolak eta egun osoan, Kolegioko plazan euskarazko liburuen azoka.

Gauean aldiz, Gaztetxean "Bidai intimoak" dokumentalaren bideo emanaldia eta POG MO THON eta Imanol eta Karakolak taldeak kontzertua emanen dute.

Finean, "Euskaras bai eguna"ren bezperan, martxoaren 13an, 20.00etan euskalgintzako ordezkari eta euskaltzaleei beste herrietan bideratzen den Euskaraz Bai Dinamika aurkeztuko du Kontseiluko arduraduna den Laida Mujicak. Aurkezpena gau eskolan eginen da.


Kazeta.info

Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article