Korrika 16 Korrika 16 Iparraldean astelehen eguerdira arte (martxoak 29)

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola


martxoak29
Igande goizean goiz sartuko da Korrika 16 Iparraldera, Hendaiatik. Irun eta Hendaiako AEK-ko ikasleek eramango dute lekukoa momentu horretan, ondoren Pirritx eta Porrotx pailazoen esku uzteko. Hendaiako Udalak berak ere emango dio ongietorria Korrikari kilometroa erosi eta fatxadan Korrikaren pankarta handi bat jarrita. Donibane Lohitzunen, berriz, Iparraldeko euskalgintzako mugimenduek eta Euskal Konfederazioak egingo dute 691. kilometroa, ondoren lekukoa Iparraldeko kazetariei pasatzeko.

Goiz erdian Miarritzera iritsiko dira korrikalariak eta han izango dituzte zain Iparraldeko lau sindikatu (CFDT, CGT, Solidaires eta LAB), kilometroa elkarrekin egiteko prest. Kirolariak ere izango dira bertan, adibidez, Biarritz Olympique errugbi taldeko jokalariak, beraien jarraitzaileen buru den buruzagi indiarrarekin.

Angelun elkartuko direnak, berriz, alderdi politikoak izango dira, 718. kilometroa egiteko. Han izango dira AB, Batasuna, EA, Berdeak, Modem, NPA, PC, PNB, PS eta UMP alderdiak. Eta kilometro batzuk aurrerago (725) Bordeleko Gau Eskolakoek Bretainiatik etorritako delegazioarekin batera egingo dute beren kilometroa. Ezin ahaztu bretoiek 2010eko maiatzean egingo dutela haien bigarren Korrika, Ar Redadeg izenekoa, eta horregatik bidali dute Korrikara hori antolatzen dabilen delegazio bat. Dena den, Ar Redadeg ekimenak 2.451 kilometroa ere egingo du Gasteizen Korrika 16ren amaieran.

Lapurdiko hiriburuan ere hainbat kilometro egingo ditu Korrika 16k. Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta langileek egingo dute bertako lehenengoa. Aviron Bayonnais errugbi taldeko jokalariek ere hartuko dute lekukoa euren maskota Pottokarekin batera. Eta aurtengo omenduek ere hartuko dute parte Baionan etorkin gehien biltzen diren auzoetan. Horrela, 733. kilometroa urtero egiten den Baionako Festibalekoek egingo dute, Hizkuntzen Festaren antolatzaileek.

Lapurditik Nafarroa Beherea eta Zuberoara joko du Korrikak, bitartean elkarte anitzek erakutsiko diotelarik atxikimendua, esate baterako, Xiberoako jauna pastoralekoek, gauean Ündüreinen egingo duten kilometroan. Behin Maulera iritsita, berriro egingo du Korrikak mendebalderako itzulia, Donibane Garazi aldera, baina hara iritsi baino lehen egingo du bere kilometroa Euskal Herriko Laborantza Ganbarak ere, Ainhizen hain zuzen. Ondoren, Donibane Garazi, Baigorri, Luhuso, Itsasu... Itsasukoa da Korrika 16ren Bidaia intimoak dokumentaleko protagonistetako bat, AEK-ko irakasle Mixele hain juxtu, baina Mixelek ez du lekukorik eramango, lanean ibiliko baita Korrikaren furgonetan, beti lanean euskararen alde. Lapurdiko beste herri batzuk (Kanbo, Uztaritze, Senpere, Azkaine...) zeharkatu ondoren, Korrika 16k Iparraldea utziko du Saratik berriro Nafarroan sartzeko, oraingoan Beratik. Baina hori astelehen eguerdian izango da.


 

Publié dans KORRIKA 16

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article