Euskal ekosistema (Pako Aristiren iritzi artikulua)

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola



Neure herrian atzerritar, euskara erabiltzen dudalako, euskaraz idazten dudalako. Zenbat aldiz ez ote naiz horrela sentitu! El Diario Vasco-n idazten hasi eta euskarazko zutabegileoi espainierazkoei baino gutxiago ordaintzen zigutela jakin nuenetik. Jende gutxiagok irakurtzen omen gintuen, beraz soldata txikiagoa. Hain barneratua dago sentipen hori, non askotan zeure lanarekiko seriotasunaz ere zalantzak sortarazten dizkizun!



Urteekin beti uste nuen, baikortasun antropologikoa izango da errudun, gauzak hobeto egongo zirela, baina ez. Euskal esklerosia bihurtu da lehen diglosia zela esaten ziguten hura. ETB2a sortu zuten, eta 23 urte pasa ziren elkarrizketa bat egin zidatenerako. 23 urteotan izan ditut sariak, garrantzitsuak ere bai, elkarrizketa baten nolabaiteko merezimendua markatzen duten horietakoak. Baina ez. Nire liburu bat espainierara itzuli zelako elkarrizketatu ninduten. Eta ez zen lehenengoa, hirugarrena baizik. Eta ez zen prime-time-an izan, goizeko bederatzietan baizik.



Halere, nirea kasu orokorra da euskal sortzaileen artean, erabat arrunta, eta badira askoz ere baztertuagoak, jaramon txintik egin gabe isilaraziak izan diren kasuak. Denetik: margolariak, aktoreak, antzerkigileak, kantariak, musika taldeak, eskultoreak, itzultzaileak. Edozein sormen lan euskaraz egitea oso zaila da, non eta Euskal Herrian bertan, errazena behar lukeen tokian.



Subzirkuitu batean sartzen zara automatikoki, ekintza subsidiarioen multzoan, eta hori oso garbi ikusten da udan, herrietako jaien programazioan. «Jenderik etorriko al da?», izaten da antolatzaileen kezka, eta euskarak orbantzen dio erantzuna. Musika jaialdi ezberdinetan ere, leku gero eta txikiagoa euskal taldeentzat. Herri handi askotan agertu ere ez dira egiten. Antzerki programazioa dela edo beste edozer, euskarari lekutxoak ematen zaizkio, errukiz bezala.



Bakartu gaituzte, geure artean ere arrozteraino: euskal idazleok ez ditugu euskal aktoreak ezagutzen, poetek ez dituzte margolariak ezagutzen, sukaldariek ez dituzte kantariak ezagutzen, dantzariak ez dituzte gidoigileak ezagutzen.



Euskal sortzailea bere lana uzteko tentazioan bizi da egunero; boladatxo negargarri baten bultzada aski luke horretarako. Izaki guztiek behar dute ekosistema bat bizitza aurrera ateratzeko, eta euskal izakiek ere bai, kultura bat bagarela sentitzeko, nazio garela sinesteko. Horregatik salatzen nituen atzo urrutiko intxaurrari begira dauden idazleak. Gurea ez delako estetika kontua, biziraupen ataka baizik, euskal ekosistema bat sortzen ez dugun bitartean.


Berria.info

Publié dans Euskara

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article