Deiadar manifestapenean parte hartzeko deialdi frango
Deiadar elkarteak euskarari babesa emanen lioken estatus legea aldarrikatzeko manifestaldia antolatzen du ibiakoitz honetan, Baionako Xaho kaian, arratsaldeko 5etan. Frantses gobernuak legearen egitasmoa baztetzen duela iragarri ondoan, Deiadar manifestaldiari atxikimenduak emendatu dira. Ondorengo lerroetan euskararen aldeko manifestazioak jaso dituen sostenguen bilduma atxemanen duzue.
Gaxuxa ARRANBIDE | DONIBANE GARAZI
Frantses gobernuak hizkuntz gutituen legearen egitasmoa baztertzen duela iragarri du eta erabaki honek arrazoi eta motibazio gehiago eman dio hizkuntz politika ausarta baten aldarrikatzearen beharrari.
Batzuk euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta besteak hizkuntz gutituen aldeko lege berri baten aldarrikatzeko, eragile sindikal, politiko eta sozialak bildu dira Deiadarren ondorat.
AB, Batasuna, EAJ-PNB, NPA, EA, Berdeak eta PCF alderdi politikoek euskarari eta bere transmisioari babesa emango lioken estatusa aldarrikatzera aterako dira ibiakoitz honetan. «Gaur egungo hizkuntz politika ahula da eta euskaldunen oinarrizko eskubideen onarpena segurtatu behar da esparru publikoan» dio alderdi bakoitzak bere maneran.
CFDT, LAB eta ELB sindikatuek ere beren atxikimendua erakutsi diote Baionako manifestaldiari. Non nahi euskararen mintzatzeko ahala bermatu behar dela usterik, euskararen salbatzeko ofizialtasuna dela bide bakarra pentsatzen dute LAB eta ELB-k. CFDT sindikatua, berriz, "hizkuntz gutituen babeserako eta transmisioa segurtatzeko estatus legal baten sortzea gobernuaren betekizuna dela" adierazten du.
Christine Bessonart Senpereko auzapez eta Euskal herriko Biltzarraren lehendakariak, Daniel Olçomendy Izurako auzapezak, Lucien Betbeder Lekorneko auzapezak, Jean Rene Etchegaray euskal kultura sustengatzen duen herrien arteko sindikataren lehendakariak eta Max Brisson , Biarritzeko auzapezaren axuanta eta Pirinio Atlantikoetako kontseilariak elgarretaratzean izanen direla adierazi dute.
Hizkuntz legea galdegiteko etorriko da Brisson, baita Ikas Bi sare elebidunaren ordezkariak ere. Biek ala biek koofizialitatearen aldeko diskurtsotik baztertuz, «eztabaida despolitizatzea» eskatzen dute. Beste eragileren erranetan ofizialtasuna ezinbesteko tresna da egiazko hizkuntz politika garatzeko (irakur Xabier Mendigurekin eginiko elgarrizketa
Eragile sozial frango agertu dira azkenik Baionan euskararen ofizialtasuna edo ko-ofizialtasuna aldarrikatzeko. Bestak beste, Hiru saretak kolektiboa (Seaska, Euskal Haziak, Biga Bai burasoen elkarteak), Ikas Bi, Euskal Konfederazioa, Euskaraz bai taldea, Ziurtagiriaren ekartea, Batera plataforma, FSU, Gazte Abertzalea eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. ).