Euskarak behar gaitu orain! Ofizialtasuna orain!

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola




Frantziar Estatuak mendeetan gure hizkuntzaren eta antzeko gutxiagotuen aurkako politika eraman ondoren, Konstituzioa aldatzeko bat-bateko erabakia hartu du. Bertan “eskualdeko” hizkuntzak Frantziaren ondare bilakatzen dira. Egia esan, ezer gutxi dakigu artikulu horren eragin-arloaz, baina ondare hitzak berak, hizkuntzaren babesa eta transmisioa ekarri beharko luke.





Haatik, aipuak hutsuneak uzten ditu, euskarari ez zaio behar bezalako estatusa eskaintzen, hizkuntza-politika eraginkorra ahalbidetzeko babesa eskaintzen duena eta hizkuntza horien hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatzen dituenak. Estatus egokia zein den aspaldian badakigu, ofizialtasuna da.





Bai, euskarari estatus ofiziala aitortu behar zaio, euskaldunon hizkuntza- eskubideak babestuko dituen corpus juridikoa osatu eta hizkuntza-politika eraginkorra abiarazi. Oro har, hizkuntza-politika egoki hori bideratzeko, guretzat ez da dudarik, euskararen ofizialtasuna edo estatus egokia erdiestea ezinbestekoa da.





Horretaz, aldaketarekin batera, lege baten sorrera hitzeman du Frantses gobernuak, Sarkozyk lehenik, hauteskunde garaian zelarik, eta Kultura Ministerioko sailburuak, Albanel andreak, bere garaian. Gaur egun legearen edukiaz, berriro ere, ezer gutxi dakigu, eta, larriago dena, Kultura ministerioren ordezkariaren erranetan, legea egingo denik ere ez dakigu. Gobernuaren aburuz, konstituzio aldaketa nahikoa litzateke, legea, hots, eduki bati forma ezartzea guztiz sinbolikoa da. Berriz ere mespretxua adierazi digute!






Eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondare izendatzen dituen artikuluak, berez, ez dio eskaintzen euskarari estatus egokia eta legeak, hastetik, koadro juridiko egoki bat finkatu beharko duela aldarrikatu du euskalgintzak, hizkuntza-politika egokia definitu eta ahalbideratuko duena murriztailea izanen ez dena, hiztunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituenak.






Gobernua frantsesaren orain arteko jarrera berretsi du kultura ministroaren ordezkariak. Horrez gain, ministroak berak euskalgintzarekin biltzeko ahaleginik ez egiteak ez al du gobernuaren jarrera islatzen? Barkatu baina gure hizkuntzekin ez daiteke arinkeriaz jokatu, desagertzeko bidean daude, zuek bideratutako hizkuntza politikaren eraginez! Gobernuak hitza jan du eta atzera pauso izugarriaren mentura dugu! Baina oraingoan ez dugu onartuko! Gure hizkuntzari duintasuna zor zaio!






Testuinguru horretan balizko legeak estatus egokiaren hutsunea bete beharko luke. Eta ez dezake izaera sinbolikoa ukan, legeak bere zentzu osoa du. Nola ez aipa, Konstituzioaren 2. artikuluari Toubon legea erantsi zitzaiola, zeinek, frantsesaren erabilera derrigortzen duen. Toubon legeari esker gurea bezalako hizkuntzen kontra egitea zilegi bilakatu da. Orduan, gure hizkuntzek lege horren beharra dute, inoiz baino gehiago eta lege horrek hizkuntzen normalizazioa eta hiztunen eskubideen bermea ahalbidetu beharko du.






Horretaz, edukiari doakionez, ondoko puntuak kontuan hartu behar ditu: Hezkuntza-sistemak gainditu, gainera, belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu, baita goi mailako ikasketen eskaintza egin ere. Horretaz gain, administrazioa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira; alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko bideak eskaini; gizarteko beste alorrak euskaldundu, hala nola, aisia, kirola, hedabideak, kultura, etab; diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira eta, azkenik, helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio.





Egoeraren larritasunaz konturatu ebhar dugu! Lehen DEIADAR manifestaldia 1989an antolatu zen, eskubide kulturalak aldarrikatzeko. Geroztik bidea egin dugu, erakunde publiko baten sorrera lortu dugu eta hizkuntza politika bat definitu da. Haatik, hizkuntza politika hura borondatearen gainean oinarritzen da, eta borondate politikoa ez da nahiko euskara normalizatzeko. Horrez gain, Frantziar gobernuaren isiltasuna nagusitzen bazen oraingoan mespretxua da erakutsi duena!





Gure hizkuntzak estatus egokia berretsi dezan, Pariseko mespretxuaren aurrean indarra erakuts dezagun eta gure ahotsa ozen entzunarazi dezagun, erantzun bakarra: Mobilizazioa! Euskarak behar gaitu orain! Euskara behar dugu orain!! Ofizialtasunaren alde! Gure eskubideak bermatuko dituen lege baten alde! Euskararen normalizazioa ekarriko duen lege baten alde! Pariseren itxurakeriaren alde, urriaren 24ean Baionako karriketan gure aldarrikapenak entzunarazi behar dizkiogu!




Urriaren 24ean DEIADAR manifestaldian parte hartuko dut, eta parte hartu behar dugu!

 

Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article