Euskarazko komunikabideen eskeintza jendartean zabaltzea xede duen kanpaina abian

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola









Euskararen Erakunde Publikoak, 15 euskarazko hedabideekin partaidetzan, publiko zabalari zuzenduriko komunikazio kanpainia berria abian jarri du. Gaur arratsaldean aurkezpen ekitaldia burutu dute Angeluko Moncine gelan. Kanpainia azaroaren 9an abiatuko da, Iparraldean eskuratzen diren euskarazko komunikabideetan, lehenik, eta horren ondoren bide bazterretako afitxategietan, autobusetan, tren geltokietan eta Iparraldeko 47 zinema geletan isla ukanen du. Azaroa osoan zehar euskarazko-hedabideak.com / medias-bascophones.com webgunean kanpainiarekin bat egin duten hedabideetako aurkezpena eta baita media bakoitzak jantzen dituen mamiak ere atxeman daitezke.

 






Max Brisson, EEPren lehendakariak, Estebe Eiherabide, erakundeko zuzendariak, eta Naroa Gorostiagak, Euskara Kargunak, aurkeztu dute kanpainiaren norabideak. Max Brissonek, hizkuntzaren garapenean komunikabideek jokatzen duten paper garrantzitsua azpimarratu du eta Iparraldeko euskarazko hedabideek jendartean, eta bereziki belaunaldi berrietan, izanen duten eragina nabarmendu du.

 






Eiherabidek, bere aldetik, kanpainia berriaren aurrekariak jorratu ondoren oraingo erronka euskarazko hedabideen balioa publiko zabala aitzinean agerian uztea dela azaldu du.

 

Gorostiagak kanpainiari buruzko xehetasunak eman ditu. Azaroaren 9an abiatuko da euskarazko-hedabideak.com webgunean presentzia iraunkorra izanen du kanpainia. Komunikabide bakoitzak bere eguneko gaiak aurkezteko parada ukanen du gune horretan.

 





Lehenengo aste horretan Iparraldean eskuratzen diren euskarazko irrati, telebista, informazio web gune, astekari eta egunkarietan azalduko da prentsa euskaradunaren bidez informazioa eskuratzeko gonbita.

 








Komunikabideak "konpetentzia"ri buruz mintzo

 


Hortaz gain, ohikoa ez den jarrera hartuko dute kanpainiarekin bat egin duten 14 komunikabidek. Hartara, konkurrentzia aferak alde batera utzita, hedabide bakoitzak beste komunikabide euskaradun baten ezaugarriak, historia eta erronkak jorratu ditu erreportai, kronika edo elgarrizketen bitartez.

 







Azaroaren 11tik eta 17ra bitartean, autobus geltokietan ezarriko dituzte afitxak eta hurrengo astean tren geltoki nagusietan. Urtetan SNCFek ateak itxi dio euskarari. Alta, kanpainia honi esker Baiona, Biarritz, Akize (Landak), Hendaia, Mont de Marsan (Landak) eta Donibane Lohizuneko tren geltokietara hurbilduko diren herritarrek euskarazko komunikabideak ezagutzeko aukera izanen dute.

 





Azaroaren 11tik 24 arte bide bazterretako afitxa handiak ezarriko dituzte Barnealdean eta spot bat hedatuko dute Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 47 zinema geletan.

 






Kanpainiaren leloak


 

Telebista, irratia, internet edo papera baliatzen dituzten hedabideetara egokitu da kanpainia. Hartara euskarri ezberdinak balorean ezartzeko honako galdera hauek pausatzen dira afitxak zein spot-en bidez: "Beste zerbait ezarriko bazenu belarri artean ?", "Zerbait berri hartuko bazenu esku artean ?", Uhin berri batetan surfatuko bazenu ?" eta " Zerbait berri behatuko bazenu ?".

 





Kanpainia osatzeko, 2010ean eskoletan atelierak antolatuak izanen dira euskarazko komunikabideen irudia jende gaztearen artean indartzeko. Gaurko ekitaldian, EEPren arduradunen ondoan kanpainiarekin bat egin duten hedabideetako ordezkariak izan dira.

 





Kanpainiaren xedea euskarazko mediak ezagutaraztea izanki, Euskal Irratiak (Xiberoko Botza, Antxeta Irratia, Gure Irratia eta Irulegiko Irratia), Herria, Argia, Berria, Behe Bidasoako Hitza, Mintza, Euskadi Irratia-Euskadi Gaztea, ETB1-ETB3, Kanaldude, eta KAZETA.INFO hedabideetako ordezkariek banan banan hitza hartu dute beren komunikabidearen ezaugarriak azaltzeko.

 




(Hona hemen berri honen jarraipena beste hedabideetan: Berria, Gara, Le Journal du Pays Basque )

 

 

Kazeta.info


Publié dans Euskara

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article