Maialen Lujanbio : Bertsolarien Txapelketa Nagusiko txapelduna

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola


Maialen Lujanbio




Andoni Egañak badu ordezkoa: Maialen Lujanbio, honek irabazi baitzuen atzo Txapelketa Nagusiko finala. Horko bere aurreneko txapela du, aurreneko emakume txapelduna da, eta gaur Euskadi Irratian aitortu du "lehen emakume txapelduna izatea, mugarritxoa" dela. "Horrek sinbolikoki garrantzia du, bai. Hala ere, ni atzo zortzi bertsolarien artetik beste bat sentitu nintzen". "Txapel hau denentzat" dela dela gaineratu du. "Herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik ta euskaraz", bota zuen agurreko bukaeran.




1.630,75 puntu batu zituen Lujanbiok finalean. 33 urte ditu eta Hernanikoa da. 2001ean bigarren izan zen Txapelketa Nagusian, eta Gipuzkoakoa ere irabazia du. Joxe Agirre 80 urteko bertsolariak jarri zion txapela.




BECen izan zen finala, 14.500 ikusle bildu ziren, eta hango giroa bertsolarientzat ere "harrigarria" izan zela dio txapeldunak gaur. "Herri honek poz premia duela islatzen du".




Finalistek emandako besarkada izan zen, harentzat, "unerik ederrena", "elkarrekin hazitako belaunaldikoak" direlako ia denak.




Atzo finalean bizitako bertso giroa "ez da egun bateko perretxikoa", Lujanbioren iritziz. "Izan ere, elkarteak egindako lanaren ondorioz, oinarri zabal-zabala dago".




"Oso saio orekatua egin zuen Lujanbiok, maila onari eutsi dio beti", zioen atzo gauean Beñat Zamalloa BERRIAko bertso adituak.




Puntuazioa

1. Maialen Lujanbio. 1.630,75 puntu.
2. Amets Arzallus. 1.582. Bera izan zen Lujanbiorekin buruz burukora heldu zena.
3. Jon Maia. 1.060.
4. Andoni Egaña. 1.058. Aurreko lau txapelen jabea da.
5. Unai Iturriaga. 1.046,25.
6. Sustrai Colina. 1.037,5.
7. Aitor Mendiluze. 1.009,25.
8. Aitor Sarriegi. 983,75.




Egañak lehengoan BERRIAn esandakoa bota zuen agurrean: txapeldun izan ez denez, ez duela gehiago parte hartuko txapelketan. 2013an lanean antolakuntzan ariko dela esan zuen atzo.





11:10etan hasi zen finala, Barakaldon (Bizkaia), eta 14:30ean amaitu zuten lehen saioa. Bigarrena 16:30ean hasi zen eta zortzien artekoa 18:35ean bukatu. Buruz burukoa, 19:25ean amaitu zen.




BERRIA.INFOk finalaren zuzeneko testu kontakizuna egin zuen goizetik, egunkariko Kultura sailarekin elkarlanean. Bihar BERRIAk bihar 12 orrialdeko gehigarria aterako du.



Publié dans Euskara

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article