Olentzero eta neguko solstizioa (I)

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola

 

 

 

 

 

 

                                                                     Olentzero

 

 

 

 

 

 

1.- Urtearen banaketa eta neguko solstizioa.-

Gure arbaso zaharren kosmogonian urtea bitan banatzen zuten, alde batetik uda eta bestaldetik negua. Urtea, bere izenak esaten digun bezala, (ur + te) ur edo eurien kopura eta maiztasuna banatzeko denboraldi luze eta errepikakorra zen, hau da, eurien zikloa. 

 



Uda eta neguaren arteko banatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Abenduaren 21-22an, neguko solstizioarekin batera, negua hasten da eta martxoaren 21ean, udaberriko ekinozioarekin, bukatzen da.  Olentzero dugu euskaldunok neguko solstizioaren ardatz. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldiari euskaldunok negua, inauteria edo hartzaroa (1) deitu diogu, garai horretan ama-lurra lotan baitago, eta gure mendietako hartza neguloan edo hibernazioan, baina udaberriko ekinozioa iristean, hartzarekin batera, ama-lurra esnatuko da, indarrik gabe izen den Eki edo Eguzki (euskaldunontzat bizitzaren jainkosa) berpiztuko da, uztak azalduko dira eta gizakiaren bizimodua lur azalean izanen da, aisagoa, errazagoa, neguko leize-zuloen babesa, behin behinekoz baztertuta. 

 

 



Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte uda izanen da. Halaber, uda edo udara hiru zatitan banatzen da: udaberria, udagoiena eta udazkena. Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik udako solstizioa den ekaineko 21a arte udaberria daukagu, ekainaren 21etik udazkeneko ekinozioa den irailaren 22a arte udagoiena, eta irailaren 22tik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte udazkena, zenbait tokitan negulehena ere deitu izan dena. Abenduaren 21ean uda bukatzen da gure arbasoen kosmogonia zaharrean eta berriro, negua hasten da; eta horrela betidanik eta betirako etengabeko ziklo natural batean sarturik eta korapilaturik.

 

 


  Doan Joanetan, udako solstizioaren banatzailean gaude bete-betean. 21-22an betetzen bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, Donibane gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Euskal tradizio zaharretan esaten denez, San Joanetan edo Donibaneetan, eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean esanda, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du. Zenbait adituren ustez, ekaina hilabetearen izenak horren berri garbia emanen liguke: Ekaina = Eki + gaina, hau da, Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentu edo tenorea.

 

 



Laburbilduz, Olentzero dugu euskaldunok neguko solstizioaren pertsonifikazioa, neguko ekihotz delakoa gurtzen duena,  Donibane Gaueko sua udako solstizioarena, eta inauteria dugu neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi luzea. Inauteria, beraz, neguarekin loturiko besta ekinozioala dugu.

 

 

 



2.- Olentzero hitzaren nondik norakoak.- 


Hasteko esan beharra dago Olentzero hitzak badituela zenbait aldaera: Olentzaro, Orentzaro, Orantzaro… Subilaro izena ere erabiltzen delarik. Resurreción Maria Azkueren ustetan, Olentzaro hitzean bi osagai daude: onen eta (z)aro, eta gauza onen garai edo denbora azalduko zuen. Julio Caro Barojak, berriz, Frantzia aldean, Eguberrietan, ospatu izan den Les oleries izeneko bestarekin lotzen zuen. Eta teoria hori defendatzeko, Olentzeroren inguruko besta, gehien bat, Baionako elizbarrutian (Lapurdin, Oiartzun eta Bidasoa eskualdeetan, Bortzirin, Baztanen, Malerrekan…) ospatu izan dela ekartzen zigun gogora. 

 

 

 


Beste zenbait ikerlariren ustetan, Olentzero hitzaren barruan oles egin eta (z)aro hitzak leudeke, eta oles egiteko, hau da, agur egiteko garaia edo tenorea litzateke. Paganismoaren amaiera eta kristautasunaren etorrera lirateke besta solstizial honetako bi sustraiak. Euskal Herriko zenbait eskualdetan Olentzero suaren etorrerarekin lotzen dute, eta horregatik Subilaro (su + bila + aro) deitzen diote. Oiartzunen, Gabon Gauean edo Olentzero Gauean -bi modutan deitzen baitzaio- Olentzero enborra pizten zuten etxeetako tximinietan. Enbor hau lodi samarra eta gainerako enborrak baino handiago izaten zen. Enbor horrekin lorturiko su handian egiten zuten afaria. Sua itzaltzen zelarik, etxeko aziendak pasarazten zituzten errautsen gainetik, garbi eta indar zitezen. Herritarren ustetan, abere horiek ez zuten urtean zehar gaitzik izango. 

 

 

 



Badirudi Olentzero kristautasuna etorri baino lehenago egiten zela, neguko solstizioaren gurtzearekin loturik. Horrelako bestak Europa osoan   ospatzen ziren oso garai zaharretatik, historiaurretik ziur aski. Kristautasuna Europan inposatu zutelarik, lehenagoko gurtze zaharrak desagerrarazten ahalegindu ziren, baina geroxeago,  ezinezkoa zelakoan, kristautasunarekin lotzen saiatu ziren. Hori dela eta, Julio II.  aita santuak,  Jesukristoren jaiotzaren data ezezaguna zenez, neguko solstizioan ospatzea erabaki zuen. Honela, 354. urtean, historiako lehen Eguberri kristaua ospatu zen. Zenbait ikerlarik oroitarazten digutenez, Eguberri hitz berbera kristauen aurrekoa litzateke, hitz horren barruan Ortzi edo Egu euskal dibinitate handiaren izena baitago. 

 

 

 


Hirurogeita hamarreko hamarkadatik honantz, Olentzero mendebaldeko kulturetan horren zabalduta dauden beste pertsonaiekin parekatu dugu, gaurko gizarte eta bizimodu moderno eta kontsumistara hurbilduz. Azken irudi honen arabera, Olentzero ikazkin jator eta onkotea da, umeei Gabon Gauean opariak ekartzen dizkiena. Eta tradizio honen egokiera horrela bada egun, horrela ez dela beti izan oroitu beharko genuke. Ni ttikia nintzela, Olentzero ez zen gaiztoa, baina bai aski beldurgarria. Neguko iluntasunetan, mutilek eramandako kriseiluen argitan, etortzen zen. Haurrengana hurbiltzean, hur, intxaur eta gaztainak ematen zizkigun. Hura gau magikoa zen guretzat, kontsumismotik urrun samar zegoena, garai haietan, gure etxeetan, ezin baitziguten opari handirik egin. 

 

 



Batzuen ustez, Olentzero Jesusen jaiotzaren berri ematen digun ikazkina da, baina izan bada, horren berri damaigun istorio zaharragorik. Istorio zahar hauek Olentzero garai bateko euskaldun pagano edo jentilekin lotzen dute. Euskal kontakizun batean esaten zaigunez, garai zaharretako egun haietako batean, Aralar mendikateko Argaintxabaleta mendixkan bildurik zeuden jentilen aztiek ekialdetik hurbiltzen zitzaien hodei argidun bat ikusi omen zuten. Hura zer zen ez zekitenez gero, aztirik zaharrena hautatu zuten eta hodei aldera igorri zuten, nondik zetorren eta zer nahi zuen galde egin ziezaion. Horrela egin zuenean, hodeiak erantzun omen zion ekialdean Kixmi (euskal jentilek Jesukristori ematen zioten izena) sortua zela eta haien arrazaren akabera zela. Eta gainera, euren burua amildegi batetik botatzeko agindu omen zien. 

 

 



Aztiak, ikaraturik,  mendi mazelatik behera korrika abiatu ziren, atzetik hodei argiduna segika zihoakiela. Ihesaldi ero hartan zebiltzala, aztietako batek topo egin zuen harri batekin, eta mendiz behera erori zen gainerako aztiak ere eroraraziz. Hauen erorketak harri-jausi bat eragin omen zuen, eta aztiak Gipuzkoako eta Nafarroa Garairen arteko mugan dagoen Arraztaran ibarrean, harri azpian, trikuharri batean,  ehortzirik gelditu ziren betiko.  Trikuharri honen izena: Jentilerrari da.  Salbatu zen bakarra Olentzero izeneko azti ikazkin jentila izan zen, eta bera jaitsi omen zen Euskal Herriko herrietara gertatutakoaren berri ematera. 

 

 

 


Istorio bat edo bestea, gauza da Olentzero oso pertsonaia zaharra dugula gure artean, neguko solstizioarekin arrunt uztartua. Gainera, euskal sinesmen zaharrekin lotua bada ere, gure historiaren momentu zehatz batean, kristauek fede berriarekin uztartzen jakin zuten, eta gaur bai sinesmen zaharrekin eta bai kristau erlijioarekin arras estekaturik daukagula esan dezakegu.

 

 

JOSEBA AURKENERENA


Publié dans Kultura

Commenter cet article