Jendartea

Vendredi 26 février 2010 5 26 /02 /Fév /2010 13:32

images.jpeg


Eskualdeko Egunkari Handiaren orrialdeetan eztabaida garatzen doa: behar ote dira Baiona Txikiko ostatuak gauerditan hertsi herriko etxeko arduradunek proposatzen duten bezala. Gure auzoa alabaina zaratatsua dela diote gauez lorik aurkitzen ahal ez dutenek -kontzientziak ez bide dituzte lasai...- karriketan ibiltzen direlako estudiante tunante herronka barrokoak, kantuz orroaz eta hordi, agorrilako besta apokaliptikoak aipatu gabe.





Zaharrak zerratzearen alde direla irudika daiteke. Baina ez da segur, debadioan parte hartzen duten gehienek Baionako ilunpeko bizitzaren murritza azpimarratzen dutelako, ez da ezer, deus interesgarririk hots, urrats guztiak kario dira eta ikusgarri ustez kulturalak soilik eliteen eskura. Tabernak gauerditan katestatzea kartierraren kondenatzea liteke. Azantza onartzen dute hemen dirautenek, kemen eta kalipu seinale urria delako. Lapurdum kudeatzen dabiltzan buruzagiek hiri hila amesten dukete, beraien antzera naski, erosketak egiteko lekua baizik ez bailitzan: dirua utz iezaguzu eta bakea eman.





Teleberri soporifikoak nehork huts egin ez ditzan, arratseko zortzietarik hara jendeak sukaldeen erdian eta konputerren aitzinean kartzelatuak nahi dituzte.


Berria.info



Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Mercredi 3 février 2010 3 03 /02 /Fév /2010 13:16


patximanoscruzas


Ullibarri euskaltegiaren ardura izango da Patxi Lopez Lehendakariari euskara irakastea. Zeregin horren truke 36.000 euro ordainduko dizkio Jaurlaritzak, iragan ostiralean publikatu zutenez. Kurtso osorako matrikula 60 aldiz merkeagoa da. AEKren Bilboko eskaintza, adibidez, 617 eurokoa da (330 orduko ikastaroa). Cybereuskadi blogean ere eman dute honen berri, gazteleraz.

 

 


Erref.: Patxi Lopezen euskara klaseak 36.000 euro ordainduko ditu Jaurlaritzak (www.euskadi.net)

 

 

 

Sustatu.com




Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 7 novembre 2009 6 07 /11 /Nov /2009 14:15

Xiberoaren nortasuna eta inguramena indartzea xede duen energia berriztagarrien eta eko-eraikuntzari buruzko saloia zabalik Maulen












Azaroaren 6, 7 eta 8an energia berriztagarrien eta eko-eraikuntzari buruzko laugarren saloia iraganen da Maulen, Herri Elkargoak antolaturik. Lurralde garapenari buruzko hausnarketa eraman ondoan sortu da saloia honen antolatzearen ideia eta Xiberoaren proiektuaren norabidea adierazten duen hitzordu izanen da. Hala, Xiberoaren nortasuna eta inguramena atxikitzeko eta indartzeko helburuz, garapen iraunkorraren parioa egitearen xedea plazaratuko dute antolatzaileek.

Gaxuxa ARRANBIDE




Lurralde proiektua arraberritzeko beharra aipatu zenean, hautetsi, ofiziale eta elkarteen artean biltzen hasi zinen Xiberoaren garapen ekonomikoari buruzko gogoeta eramateko. Hortik, Maulen eko saloia baten antolatzea deliberatu zen.





«Lurralde proiektua arraberritzeko lanetan, laborantxa, industria eta turismoaren aldea baino zabalago begiratu behar genuela ohartu ginen, gure nortasuna eta inguramena atxiki eta indartzeko xedea gauzatu ahal izateko » azaltzen du Jean Pierre Iriart Aloze Ziboze Onizegaineko hautetsiak.




Hortik jadanik aitzinatuak edo sendotuak diren sailez gain, beste sail bat sortzea erabaki zuten, hau da garapen « berde bat » lantzea erabaki zen. Nafarroako politika publikoa begiratuz, energia berriztagarrien erabilpenaren interesaz ohartu zirela kondatu du.




«Egurra, haizearen edota ekiaren indarraren balioaz ohartu ginen eta baita ere energia berriztagarrien sailak sortu zituen lanpostuetaz. Aktibitate honek gure xedearekin lehial egonez, lurraldearen garapen ekonomikoari mesede eginen ziola ohartu ginen».






Lurralde proiektua



«Garapen iraunkorra sustatuz, eremu guzietara hedatuko den saila da energi berriztagarrien erabilpena. Berezitasun honen garapenari biziki atxikiak gira Euskal Herria eta berezikiago Xiberoaren nortasuna zaintzeko balio duelako, inguramena bezain beste» dio hautetsiak.





Gisa hartan, garapen iraunkorra garapen ekonomikoarekin loturik dela azaltzen du.« Publiko zabalari garapen iraunkorraren garrantzia eta garapen ekonomikoarentzat duen balioaren konzientzia piztea espero dugu» gaineratzen du.





Xiberoan oihan handiak badira eta egurraren saila garatu nahi luke Xiberoko Herri Elkargoak. «Horretarako galde eta eskaintzaren artean oreka beharrezko da. Gaur egun maleruski, galdea tipiegia da sail honen eramateko, beraz espero dugu konzientzia piztearekin galdea eta eskaintza, biak partituko direla » azaltzen du Iriartek.






Bideratzeko oztopoen gainetik



Herri Elkargoaren xedea gauzatzeko oztopoak daudela aitortzen du Iriartek. Ditugun kolegioak Kontseilu Orokorraren konpetentzian dauda, lizeoak Akitaniako departamenduaren esku delarik. Konpetentziak banatuak izateak aferak luzatzen ditu » zehazten du.




« Hauen menpe dago afera eta ez dugu gauza handirik egiten ahal, pazientziarekin itxoitea izan ezik. Ez da ados ez direla, baizik eta luze dela gauzak plantatzea » gaineratzen du. Bestalde, Herri Elkargoak 2020 egitasmoari proiektuaren berri eman duela eta hortik zerbait aterako denaren esperantza dutela gaineratu du.







Saloia parte hartzailea




Lurralde proiektuaren aurkezpena egiteko antolatzen hasi dira eko saloia eta mintzaldi interesgarri andana antolatu dituzte publiko zabalari idekia Herri Elkargoak hartzen duen norabidea azaltzeko.





« Hitzordu guziak kitorik eskaintzen ditugu guretzat inportanteena inguramena zaintzearen beharraren konzientzia piztea baita » dio Iriartek. Hautetsi, elkarte, aktore ekonomiko eta herritarrek hausnarketa eraman eta ekarpenak plazaratzeko hitzordua izanen dela espero du manera honetan.





Asteburuko hitzorduak, izan barnekaldekoa edo kostaldekoa, euskal herritar ororen interesa piztuko duela espero du Iriartek, zeren eta Euskal Herriaren nortasuna eta inguramenaren berezitasuna atxikitzeko proposamena aurkeztuko du.

Kazeta.info




Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 7 novembre 2009 6 07 /11 /Nov /2009 13:59







Pier Pol Berzaitzek kudeatzen duen Beritza Konpaniak, Lur Berri enpresak eta Jean Errecart lizeoak manaturik Ze bolada! ikusgarria eskainiko du gaur Donapaleun. Musika, dantza eta bideoak bilduko dira mende erdiaz Oragarreko auzapez geratu zen gizonaren sortzearen ehungarren urteburua ospatzeko. Etxaian haziriko etxetiar ohia MRPko diputatua, senadorea eta kontseilari orokorra izan zen, 1971an Parisen zendu zen arte.





Amikuzeko laborantza, mekanizatzearen hildoan jarri zuen, Lur Berri kooperatibaren inguruan, etxegintza, piszina, klinika eta eskolaren eraikitzea halaber sustatuz. Bere herrian bertan, gurean hain zuzen, erremenbramendua eta nekezal espazioaren birmoldaketa olde kalapitatsuak akuilatu zituen. Nahi zuen ikasketez, ekonomiaz eta ausagailuez eskualdeko jende hemorragia geldiarazi. Lortu zuen azkenean, beste kantonamenduen aldean Amikuze nahikoa aberats agertzen delako jadanik eta ez bakarrik turismoari dagokionez.





Gerra ondoan ez bide zen erraza lekuko garapena aldarrikatzea. Adineko oragartar abilak, komunisten beldurra zainetan burbuilaz, hauteskunde baten atarian xuli hintzan eta golitu hiz erran zion, zuhurtzia laburraz bere oinarrizko ezadostasuna erakutsiz.


Berria.Info
Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Vendredi 30 octobre 2009 5 30 /10 /Oct /2009 18:34





Urtxoak pasatzearen eta Aviron Bayonnais errugbi taldearen garaipenaren aiduru dauden baionarrak urduri daude, lekuko zergen paperak eskuratu dituztelako: ehuneko 26,44-ez emendatu zaigu aurten Baionan bizitzeko eskubide taxa. Miarritze eta Angelun baino anitzez gehiago. Auzapez haserretuak argitu du hiritarren bi herenak ez direla zergagarriak eta nonbait atzeman behar duela sosa Jean Dauger kirol-zelaiaren handitzeko eta nehoiz irabazten ez duten jokalari profesionalen ordaintzeko. Jakina, beti pobreak dira erabaki inikoen errudunak.





Badirudi zenbakiak aztertzen ditugunean Hollywooden kokatzen garela. Baina ez da hala. Bazterrak miazkatzean Ekialdeko Europako hiri trastu baten bihotzean gabiltzala ematen du, bereziki euri edo laino trinko egunetako goizetan: zakar meta urrinduak espaloietan, zakur kakak denetan eta eskale ardozaleak ate kantoietan gaua bukatzen. Gainera ez da hemen politika kulturalik ere eramaten. Gauza segurra da, aberatsen egoitza altxarazten eta hauentzat agradagarri izatearren, Baiona munttotzen gastatzen dutela herritarren dirua, ez bestela. Ez bederen jende xeheen zerbitzuko.




Alta uste nuen sekulako uzta biltzen zutela aparkalekuekin.


Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Jeudi 24 septembre 2009 4 24 /09 /Sep /2009 19:00

Maddalen ARZALLUS

 

 

 

 

BertSolasa

 

Gaia : Nekazari bat esne grebaren aitzinean

 

 


 

I

Nekazariok jasaten dugu

bero sapa eta hotza,

udazkenean euria eta

negu gorrian izotza.

Nahiz eta gero saltzen ditugun

prezioak eman lotsa,

izerdi asko botaz lortzen da

esne boteila bakotxa


 

II

Lehen esneari ura nahasten

zitzaion tranpa modura

kopuru bera garestiago

sal genezan merkatura.

Baina gaur egun truko zaharra

ez deusean geratu da ;

esnea baino karioago

dago errekako ura


 

III

Esnea doan banatzen dugu

protesta eginez hala

baina zuzenki guk nahi genuke

saldu behar den bezala.

Hala ta guztiz pentsa zazute

entsaio bat soilik dala.

Gure arazoa berdin zaionak

Leclerck-en eros dezala

Maddalen ARZALLUS

Le JPB

 

Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Jeudi 24 septembre 2009 4 24 /09 /Sep /2009 18:45

 




Lanera atzeraka itzuliak garen aste honetan ez diogu makurrari makurrik erantsiko. Alabaina ez dugu aipatuko aburu ikerketa libre batek erakusten duela Sarkozyk iraila hasieran sei puntu galdu zituela jendetzaren bihotzetan. Erna bitez halaz opinionway-koak lehendakariaren ego hantuaren lasaitzeko.


 

Brad Pitt Donostian genuen igandean. Arrakasta erraldoia, ez dugu besterik entzun mugaz honaindiko irratietan. Ripley talentutsua zoriontsu eta esku-zabal ibili da tapiza gorriak zangopilatzen, zuzen den bezala. Egia erran, Parosen ginela gurutzatu genuen Braden itzala bai eta Madonnarena. Antiparosko arrantzale alegerak olagarroa errendarazten ari zela harri xabal baten gainean, kontatu zigun uhartean etxe animalea bazuela eta Cicionneak bere toy boy mukizuarekin irlaren zati handi bat erosi berri zuela. Gizonaren begiek olagarroaren ordez izar horien lepoa gogotik trenkatuko zukeela erakusten zuten.


 

Parikiako portuan erosi kontrabandako markazko betaurrekoekin gero kukuskatu genuen kapetut Brad Pitt ematen zuen adineko lehiatsu bat, Blue Star ferryan guztiak baino lehen sartu behar zuena. Signomi oihutzen zuen arranguraturik. Barregarria zen. Donostiakoa bezain.

 


Inglorious for ever.

Itxaro Borda

Berria.info



Par AEK - Baionako Gaueskola - Publié dans : Jendartea - Communauté : Blogueurs du Pays Basque
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires

Aurkezpena / Présentation

HITZADITZA lehiaketa

295452 Hitzaditza dest 2

 

 

- HItzaditza lehiaketa AEKk eta EKEk antolatzen dutena, heldu den apirilaren 2an gertatzekoa da, Baionako IUTan, goizeko 9ak eta erdietatik goiti. 
- Hitzaditzak badu webgune bat: www.hitzaditza.com
- Hitzaditzari buruzko informazioa eta aitzineko urteetako artxikak webgunean atxemanen dituzue. 
- izen emateak zabalik dira jadanik hitzaditza-ren webgunean berean

Joan den urteko testuak sarean dira hemen.  Badira ere idazleei buruzko azalpenak eta irudiak, argazkiak. 

KORRIKA GAUA

Affiche-Korrika-A3 leger (1)

 

 

ZATOZ GOZATZERA FESTA EDER HONETAZ!

Bilaketa / Recherche

Harpidetza / Syndication

  • Flux RSS des articles

Baionako Gau eskola


Baionako Gau Eskola iaz estrenatu zen egoitza berri batean kokatua da Baiona Ttipian, ikasleen artean hautatutako izena duela:« Ereintza euskaltegia».


Gau eskolaren helburu nagusia, jendea euskalduntzea da, euskara erakatsiz, euskal mundua eta kultura ezagutaraziz.

Elkartea, ikasle, erakasle eta partaide guzien ekarpenei esker bizi da.

Aurtengo ikasleen kopurua 220ra heltzen da eta 3 permanente 13 erakasle ari dira lanean.

Euskara ikasteko maila guziak proposatuak dira: lehen mailatik EGA kurtsora arte. Ikasturteak 32 aste irauten du, urritik ekainera ; goiz, arratsalde edo gaueko klaseak 2,5 eta 3 ordukoak izaten dira, astean bitan.

Horrez gain, urtean zehar, bestelako animazioak ere antolatzen dira:Mus txapelketa, Txistor gaua, Olentzero astekoak, Ihauteriak, Sagarnotegi ateraldia...Hauen artean klaseratzen direnak badira ere, eta urte osoan jarraikiak diren beste batzu, aurten mendi ateraldiak adibidez.




Izen ematea / Inscriptions





AEK - BAIONAKO GAU ESKOLA

Marengo karrika , 22

64100 BAIONA

tel: 05 59 59 50 99

bgeaek@wanadoo.fr


 

 



DEIADAR

Euskaraz






Euskarazko albisteen bilatzailea da





Informazio haria



Ataria eta Web posta euskaraz
 













Wikipedia euskaraz




Ipar Euskal Herriko musikaren gida

Créer un blog gratuit sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus - Articles les plus commentés