AEK-ren metodologia


AEKren ikas-estrategia


Jakintza arlo askori jarraiki, hala nola, hizkuntzaren filosofia, soziolinguistika, bigarren hizkuntzen didaktika eta testuen linguistikari, 60ko hamarkadaz geroztik hizkuntzaren ikuspegi funtzional eta komunikatiboagaratu da. Hizkuntza era askotako helburuak lortzeko balio duen tresna dugu. Hartara, hizkuntz aktibitatebakoitza hizketa-ekintza da eta ahozko zein idatzizko mezu baten deskodetze zein kodetzean datza.


Hizkuntzaren gainean dugun ikuspegia hoberen adierazten duen berba "erabilera" da (edo "komunikazioa").


Erabilera eta komunikazioa hizkuntzaren berezko xede eta ikaskuntzaren benetako helburu dira. Hizkuntza bat ikasteak erabiltzen ikastea ere badakar.



Hizkuntz trebetasunen lanketa

Ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatzia adierazpide baliokide eta autonomoak dira, funtzio sozial ezberdin eta osagarriak dituztenak. Hori dela eta, hizkuntz ikaskuntzan lanketa independentea behar dute. Ahohizkera kolokiala subjektiboa, erredundantea eta zabala da. Idatzia, berriz, estandarra, objektiboa, zehatza eta itxiagoa. Hizkuntz trebetasunak ez dira bakarturik landuko, bata besteari loturik baizik. Izan ere, komunikazio prozesuan zeregin berbera -komunikazioa hain zuzen ere- betetzeko tresnak dira.



Entzumena

Entzumena lantzeak praktika handia eskatuko dio ikasleari, baina arreta ulermenean jarriko da eta ez horrenbeste ariketaren emaitzetan. Halaber, era askotako material erreala erabiliko da eta beronen bidez euskalki, erregistro, testu mota eta askotariko gaiak jorratuko dira, ikasleak hizkera ezberdinak entzun eta ulermena hobe ditzan.



Mintzamena

Ikasleek izango dituzten adierazpen-beharrizanei erantzun ahal izateko, komeni da ahozko testuen tipologiagainbegiratzea:

- Bakunak: hitzaldiak, grabatutako kantuak, azalpenak, ...
- Bikunak: telefono eta lagun arteko elkarrizketak...
- Ugariak: auzokideen batzarra, eskolako eztabaidak, lagun arteko solasaldiak...


Horri begira, beraz, egunerokotasunean jarriko ditugu indarrak eta emaitzak hobetzearren talde lana bultzatuko dugu. Beste alde batetik, egitura gramatikalen eta lexikoaren lanketak mintzamenaren hobekuntzan izan beharko du isla. Beharrezkoa da ahozkotasunak eguneroko bizimoduan duen garrantziaz ikasleei ohartaraztea. Gainera, bide nekeza dela kontuan harturik, era egokian planifikatzea ezinbestekoa da hitz egiten ikastea esperientzia eta iraunkortasunean oinarritzen baita.



Irakurmena

Irakurmenak irakurritakoaren ulermena bilatzen du. Informazioa ulermen-maila gorenetan jaso behar da, aurreratze, hipotesien azaltze eta zentzuaren berreraikitzeari loturik. Mailaz maila, beraz, gainditu beharreko faseak ezartzen dira, batzuetan irakurketa intentsiboa edo trinkoa landuz eta besteetan estentsiboa edo zabala.



Idazmena

Idazmena lantzean hizkuntzaren baitako oreka bilatzen da. Ortografia zein testuaren egitura zaintzen dira, baita estilo formala zein lagun artekoa ere. Idazmena lantzeko jokabide funtzional eta komunikatiboan oinarrituko da, eta berau testu sozial, erreal edo sinesgarrien gaineko lan praktikoan. Ikasleek testuak helburu ezberdinak lortzeko erabiltzen ikasi behar dute komunikatzeko tresnak bailiran.



Ikuspegi pedagogikoa

Eskolan xede hizkuntza erabiliko da. Jarduerak aukeratzerakoan ikasleak izango dira abiapuntu; horretarako ikasleen gustuak, beharrak eta nahiak aintzat hartuko dira. Horiek bideratu behar ditu, eta helburuen garapenarekin eta aukera errealekin bat datozen begiratu. Era berean, ikasleari bera dela ikas-prozesuaren arduraduna adierazi behar dio.


Azken batean, irakaslea eta ikasleak prozesuaren gidariak dira eta denak
prozesuaren erantzule. Horrez gain, irakasleak aholkulariaren zeregina ere beteko du.

Bestalde, irakasleak etengabe ebaluatuko du ikasleek helburuekiko duten lorpen maila. Hartara, aurrerapausoak ikusteko, ebaluazioa eta autoebaluazioa bultzatuko dira.


Hizkuntza gune desberdinetan erabili ahal duela ikustarazi behar zaio ikasleari.

Horretarako, testuak ulertzeko eta ekoizteko erabili dituen teknikak orokortu eta klasetik kanpo, bere kabuz erabiltzera bultzatuko dugu


Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :